Gronsa Sud mendiaren hegoaldeko eskuin
aldean dagoen bidea da. Lehen 3 luzeak plaka etzanetatik doaz, baina aseguruak
urruti ipinita. Hurrengo luzeak politenak dira. L4 luzean, lehen metroak zuzen
igo ondoren, eskuin aldera zeharkaldi gorakor bat egin behar da. Egiten uzten
da, baina bilgunera iritsi baino zertxobait lehenago, horizontalki zeharkatu behar den konkor bat dago. Eskuin
oina asko zabaldu behar da eta konkorrak zertxobait oztopatzen du. Gaitz erdi
A0 modura egin daitekeela. L5 luzea euste leku oneko plaka bertikala da. Arreta
soilik bilgunea dagoen bloke handira igotzeko unean izan behar da. Eskuineko
arroka kalitate onekoa da, baina ezkerrekoa ustelduta dago. Sokako lehenak toki
horretan ukitzea saihestu behar du (eta bigarrenak atzean jendea badago) lagunari harri zaparrada bat botatzeko aukera
baitago. L6 luzean zailtasuna nahiko eskuragarria da bi erlaitz handi banatzen
dituen erresalte txiki batean izan ezik. Hor da estutu beharreko tokia (A0
modura egiteko aukera). Pasagunean ez dago altuera sentsaziorik eta luze
guztian ere ez.
Giro lasaia eta Els Estrets aldera
dauden bistak ikusgarriak. Hurbilketa ere oso polita. Bere orientazioa dela eta
udaberri eta udazken arratsaldetarako eta udarako goizetarako aproposa da.
Iristeko:
Ikus
hurrengo sarrera.
Hurbilketa: Kanaletik igo.
Igoerak ez du zailtasunik bloke handiaren azpian dagoen zatitxo bat izan ezik.
Eskuinean dagoen erlaitz lauso batetik zig-zag eginez eskuak ipini gabe igo
daiteke. Bigarren bloke handitik ezker aldera egin behar da R0 bilgunea
aurkitzeko (“Retorno de la Inquisición” bidearen R2 da).
L1
(55 m, 4 aseguru, 3c). Zatitxoren batean zertxobait bertikalagoa
jartzen den plaka etzan handia. Aseguruak urruti. Ez egin bilgunea laugarren
aseguruan (bi parabolt daude, baina bat oso egoera txarrean dago). Laugarren
asegurua txapatu ondoren, ia zeharkaldi horizontala eginez eskuin aldera igo
eta kanal lauso bat zeharkatu eta berehala, hormaren hutsunetxo batean, bilgunea
aurkituko dugu.
L2
(35 m, 2 aseguru, 3b). Kanal lauso batek sortzen duen zati horizontal
batez banandutako bi plaka etzanak. Tarte horizontalean zintaren bat jartzeko
aukera ematen duten pare bat ipuru daude (baina ez da beharrezkoa).
L3
(35 m, 3 aseguru, 3c). Bloke handi baten azpitik doan plaka etzana.
Azken metroak oso etzanak dira. Bilgunera iristeko azken 8-10 metroak lurkarak.
L4
(35 m, 9 aseguru, 5c). Pasagune finak dituen plaka bertikala.
Kontzentratuta igo behar da. Bigarren asegurua zertxobait altu geratzen da eta
txapatu baino lehen erortzeak lurra jotzea suposatu dezake. Laugarren asegurua
txapatu ondoren 3-4 metro eskuinera egin behar dira eta ondoren zeharkaldi
gorakor bat eginez eskuin aldera igo. Bilgunea baino lehen, 8. eta 9. aseguruen
artean, konkor moduko bat horizontalki zeharkatu behar da. Hankak asko zabaldu
behar dira bertan (A0 modura egiteko aukera).
L5
(25 m, 4 aseguru, 4c). Euste leku onak dituen kanal-plaka bat
hasieran. Ondoren euste leku onak dituen plaka bertikala. Azken parabolta
bilgunera igo baino lehen dagoen sabel moduko batean (bilgunea justu bere
gainean dago). Kontuz ezkerreko arrokan zanpatzea (ustela).
L6
(35 m, 6 aseguru, 6a+ edo 4c/A0). Bilgunetik irteteko diedro bat.
Diedroaren ezkerreko aldeak ez du konfiantza handirik ematen, baina eskuin
aldeko arroka trinkoa eta garbia da. Erlaitz handi batera irteten da eta hortik
hormatxo-sabel moduko bati ekin behar zaio beste erlaitz handi batera igotzeko.
Bertan dago bideko pasagunerik zailena (A0 modura egiteko aukera). Luzea euste
leku ugari eta arroka oso ona duen plaka luze batekin amaitzen da. Bilgunea
erlaitz eroso eta handi batean dago. Bertatik Els Estrets aldera dauden bistak
zoragarriak dira.
L7
(30 m, 2 aseguru, 3c). Itsasgarritasunezko plaka hasieran. Ondoren,
ia oinez, eskuinera igotzen da. Erpin batean dagoen aseguru batek irteera
babesten du eta bilgunea aurkitzeko bidea adierazten digu.
Jaitsiera: Gailur aldera igo. Eskuinean rapela egiteko (20-25
m) soka zati batzuk eta mallona dituen ipuru handi bat dago. Rapelak zuhaitz
handi batzuen azpian uzten gaitu. Hortik, egokiena ikusten dugun tokitik, ezker
aldera jaitsi behar da, ezker aldean nabari den kanal handi aldera. Kanalera
iristeko metro batzuk jaitsi behar dira. Oinez beste aldera pasa eta agerikoena
ikusten dugun tokitik igo behar da (erlaitzak eta kanalak) “Salshishes tibetanes” bidean aipatutako jaitsiera-bidearekin
topo egin arte (ikus argazkia). Bidezidor arrastoak jarraituz mugarri batekin
markatuta dagoen lepora berehala iritsiko gara. Bidetik jaitsi. Els
Estrets-esko bidera jaisteko 40-45 min inguru beharko ditugu.
Materiala: 9 zinta +
bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrekoak. Ipururen
batentzat zintaren bat ongi etor daiteke.
Arroka: Konglomeratua.
Orientazioa:
Hego
mendebaldea.
Iraupena: 2h 30 min
Behetik eta bakarrik nork irekia: Llorenç Vallés,
12-azaroak-3 eta 13ko abuztuaren 15 egunetan.
0 comentarios:
Publicar un comentario