© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2022/11/25

Zailtasun maila mantendua duen bidea (gehien bat lehen 3 luzeetan). Arroka kalitate onekoa da. Ekipamendua ere egokia da, baina aseguruen artean aireak korritzen du. Eskalatzen jakin behar da eta bidea gozatzeko derrigorrezko zailtasun mailan eroso ibili behar da. Bigarren eta hirugarren luzeak niretzat oso politak.

Bideak zertxobait arriskutsuak izan daitezkeen 3 zatitxo ditu. Lehena lehen luzean dago. Bigarren asegurua txapatu ondoren eskuinera eginez igo behar da, justu sabeltxo baten gainean dagoen parabolt baten bila. Txapen arteko urrutiratzea. Zatia ez da zaila, baina erorketa batek lurra jotzea suposatuko luke. Arrisku txiki bat duen bigarren zatia (baina aurrekoarena baino txikiagoa) R2tik irten eta berehala dago. Parabolt batekin babestua dagoen sabaitxo bat gainditu behar da eta ondoren bilgunetik ikusten ez den erlaitz handi batera igo. Bertan bi aukera ditugu. Lehena zuzen igotzea da. Sabaia gainditzeko pasagune fina (hala ere A0 modura egiteko aukera dago). Bigarren aukera, txapatu ondoren eta sabaiaren  azpian dagoen erlaitz txiki bat aprobetxatuz, metro batzuk ezkerrera jotzea da eta ongi ikusten dugunean erlaitz handira igotzea da. Bigarren aukera hau errazagoa da, baina erorketa batek pendulu handi bat egitea suposatuko luke. Niretzat egokiena lehena zuzen igotzea eta bigarrenak ezker aldera egitea da (hori da guk egin genuena). Bakoitzak egokiena iruditzen zaion aukera har dezala. Kontuan ibili behar den azken zatitxoa azken luzean dago. Zertxobait konkortua den horma labur bat dago. Asegurua nahiko behean ipinita dago eta fin ibili behar den zatia hormaren irteeran dago. Ez da zaila,  baina erorketa batek oinarriko erlaitza jotzea suposatuko luke. Aukera hori ekiditeko parabolt bat faltan botatzen da irteeran.

Bilguneak erosoak, bi parabolt eta 2 eraztunez eraikiak. Gainera denek (azkenak izan ezik) beste parabolt bat dute errefortzu modura. Guztia horrek bidetik edozein momentuan erretiratzeko aukera eskaintzen du. Giro lasaia eta Els Estrets aldera bistak zoragarriak. Hurbilketa ere oso polita.

Bere orientazioagatik udaberriko edo udazkeneko goizetarako bide aproposa da edo udarako arratsaldetarako.

 

Iristeko: Ikus hurrengo sarrera.

 

Hurbiltzeko:  Ikus hurrengo sarrera. Hormen aurrean aurkitzen garenean, errekara jaitsi eta egokia ikusten dugun tokitik gurutzatu. Bidezidor malkartsu batetik hormaren oinarrira igo.

 

L1 (35 m, 9 aseguru, 5c). Horma bertikal konkortua hasieran. Ondoren eskuin aldera igo behar da, sabeltxo baten gainean dagoen parabolt baten bila. Urrutiratzea aseguruen artean. Ez da zaila, baina hemen erortzeak lurra jotzea suposatzen du. Ezker aldera igotzen den plaka luze batetik jarraitzen du. Zati fina (euste leku txikiak oin eta eskuetarako) 5. eta 6. aseguruen artean. Ondoren arinki konkortua den horma labur bat gainditu behar da. Estutu beharreko pasagune bat du, baina ongi babestua dago nahiko gertu dauden bi paraboltekin. Plakatik igo eta ur-arrastoaren ezkerrera pasa bilgunea aurkitzeko.

L2 (30 m, 6 aseguru, 5b). Horizontalean ezker aldera egin 2 edo 3 metro eta ondoren dena zuzen plaka bertikal luzetik.

L3 (40 m, 13 aseguru, 5a). Bilgunetik irten eta berehala sabaitxo bat gainditu behar da. Txapatu eta zuzen igo daiteke goian dagoen erlaitz handira (ez da bilgunetik ikusten) edo, txapatu ondoren, 2 edo 3 metro ezkerrera desplazatu sabaitxoaren azpian dagoen erlaitz txiki bat aprobetxatuz eta errazagoa ikusten dugunean igo. Bakoitzak erabaki dezala nahi duen aukera. Plataforman gaudenean ezkerrera egin behar da kanal lauso bat agertzen duen plaka baten oinarrian ipini arte (parabolt 1 lurrean). Plakatik igo. Azken zati aldera bi horma labur gainditu behar dira. Azken plakara irteten da eta bertatik igo behar da eskuineko kanalean dagoen ipuru handi batera iritsi arte (arreta izan behar da harriarekin zati labur batean). Bilgunea aurkitzeko ezkerrera nahikotxo desplazatu behar da.

L4 (25 m, 2 aseguru, 4c). Plaka etzana (zementatuta dagoen korrugado batekin babestua) eta ondoren arinki konkortua dagoen horma laburra. Asegurua nahiko behean dago eta irteeran dago estutu beharreko zatia. Hemen erortzeak oinarriko erlaitza jotzea suposatuko luke. Faltan botatzen da parabolt bat irteeran. Ondoren plaka oso etzan batek bilgunean uzten gaitu. Azken metro hauetan nahiko harri soltea dago. Arreta jarri, gehien bat atzetik jendea badugu. Bilgunea zementatuta dauden bi korrugadoz eraikia.

 





Jaitsiera: Mugarriak jarraitu eta jaitsiera-kanaletik jaitsi (ikus hurrengo sarrera). Ia kanal guztia oinez jaitsi daiteke. Azken 8 metrotan soka finko bat jarrita dago. Sokatik destrepatu daiteke edo rapel motz bat egin. Kanalaren oinarrira iristeko 15 min inguru beharko ditugu. Gero mugarriak jarraitzea soilik geratzen da. Beste 15 minututan Els Estrets-eko bidean egongo gara. Kotxera itzultzeko, guztira, 40-45 min beharko ditugu.

 

Materiala: 13 zinta  bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira behar.

Arroka: Kalitate oso oneko konglomeratua.

Orientazioa Hego ekialdea.

Iraupena: 2h 30 min

Nork irekia: J Carreté eta K Carreté.

 

Cambiar idioma (Castellano)

 

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario