© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2023/08/26

Aspalditik nuen Sendero Limiteko kideek hainbat bide ireki dituzten toki honen berri, baina ez nuen erreferentziarik aurkitzen Interneten eta “debekualdia” ireki arte esperoan nengoen tokiari bisitatxo bat egiteko. Orain dela gutxi Isabel Armendárizen erreferentzia bat aurkitu nuen (2022ko irailaren amaierakoa) Montañera Adebán mendi taldeko blogean (hona hemen lotura) eta bagenuen aitzakia bisita egiteko.

Guk Vilma bidea egin dugu, baina ezkerrean beste bide bat dago (Pedro Picapiedra) eta eskuinean beste bat (Rocadura). Antzeko zailtasuna dutela dirudi, baina ez dut daturik. Pedro Picapiedratik rapelatzen ari ginela (bilguneak katearekin loturiko 2 paraboltez eta eraztun batez osatuta daude) beste parabolt lerro bat ikusi genuen ezkerreago. Bide guzti horiei buruz ez dut informaziorik, baina, seguru nago, azaltzen joango direla. Aipatu ditudan 3 bide horien izenak hormaren oinarrian margotuta daude.

Vilma bidea, Sendero Limite kideen ezagutzen ditudan bide guztiak bezala, oso ongi ekipatua dago eta ez da estutasunik pasatzen. Gehienbat itsasgarritasun izugarria duten plaka etzanetatik eskalatzen da. Urrutitik begiratuta  plaka erraldoiak barruti beltz ugari dituela (ur-arrasto handiak) ikusten da eta arroka irristakorra dela edota egon daitekeela dirudi. Guztiz kontrakoa. Oso itsaspen ona duen arroka da. Gainera, jendea pasa ahala, hobetzen joango da.

Giltza den luzea da hirugarrena da. Krokis originalean 5c zailtasun maila ematen diote. Hiru-lau metro dituen horma bertikalak euste lekuak ditu, oso ongi babestua dago eta ez dut uste 5c denik (jendea baieztatzen joango da horrela den) 5b baizik. Gainera oso erraza dago A0 moduan egiteko. Goiko plaka luzeari 5b zailtasun maila ematen diote krokis originalean eta niretzat zertxobait errazagoa da (5a ingurukoa). Gainera, azken zati hori oso ongi txapatuta dago eta ez da estutasunik pasatzen.

Pedro Picapiedra bidearen R2 eta R3 Vilma bideko R2 eta R3tik 4-5 metro ezkerrera kokatuta daude. Bidea uzteko beharrean bagaude (adibidez, bat-bateko euri jasa handi baten aurrean), posible ikusten da bilgune horietatik besteetara pasatzea arazo handirik gabe. R3 bilgunetik aurrera hobe gora igotzea. Bilgune guztiak toki erosoetan daude jarrita eta 2 paraboltez osatuta daude (gailurreko pinuan egiten den azkena izan ezik).

Seguru berriko itzuliko garen toki berri eta ederra.

 

Iristeko eta hurbiltzeko:  Llanos de Bozuelo delakora GR-tik edota Machos bidetik igo daiteke. Ikus hurrengo sarrera.

Llanos de Bozuelotik plaka handiaren aurrean kokatu arte bidetik oinez igo. Errekara jaitsi eta egokien ikusten dugun tokitik zeharkatu. Llanos de Bozuelotik bideen oinarriraino 10-15  min inguru dira.

Errekaren ur-emariaren arabera agian oinetakoak kendu beharko dira gurutzatzeko.

Oinutsik pasatzeko ere errekak ur-emari handiegia baldin badu, aukera dago oinez hurbiltzeko. Bozueloko zubia zeharkatu eta 30-40 metroko desnibela igo (mugarriak eta bidezidor arrastoak), gero ezkerrera jo. Sendero Limiteko perretxiko laranja tipikoak jarrita daude bidea adieraziz. Jaitsiera labur batek plaka handiaren azpiko zelaian uzten gaitu. Zubitik 10-12 bat minutu izan daitezke. Errekaren ur maila handiegia bada, hobe bidezidor hori hartzea erreka gurutzatzea ahalbidetuko digun leku bat aurkitzen denbora galtzen ibiltzea baino.


L1 (30 m, 9 aseguru, 4c). Hasierako diedro laburra gainditu. Pinu handi bat duen erlaitz belartsu batera irtengo gara. Plakaren hasierak sabel bat du. Zuzen igota, arrokatik, oso gogorra irteten da. Eskerrak pinu handiaren adarrak daudela. “Tarzan” modura ibiliz, pinuaren adarren laguntzarekin, zertxobait igo eta ondoren plakatik igo. Erresalte txiki batek eta amaierako plakatxoak bilgunean uzten gaituzte.

L2 (20 m, 5 aseguru, 4b). Harri handi baten ezkerretik doan plaka. Lehen metroak pitzatutako granitoz (kuartzita modukoa) osatuta dago eta euste leku onak ditu. Azken metroak harmaila batzuetatik.

L3 (35 m, 11 aseguru, 5b). Oso etzana den plakatxo batek hormaren oinarrian uzten gaitu. Ofitaz osatutako eta euste lekuak dituen horma laburra bi paraboltekin babestuta dago. Bigarrenak zinta handi bat jarrita du. Horrela ez da hainbeste igo behar txapatzeko (A0 modura egin behar duenarentzat ere lagungarria da eta gauza errazten du). Gero plaka etzan luze bat itsasgarritasunezko pasaguneekin. Plaka hori emeki ezkerrera eginez igotzen da.

L4 (20 m, 4 aseguru, 4a). Erresaltera iritsi arte, itsasgarritasunezko plaka etzan erraza. Erresaltea oso ongi babestua dago eta hasieran ematen duena baino askoz errazagoa da. Bilgunea pinu handi batean (eskuinekoan).

L5 (35 m, 6 aseguru, 3b). Azken luze plaka etzanetatik doa. Gailurrera hurbiltzen garen heinean etzanago bihurtzen dira. Azken txapa izan ezik, txapa guztiak txikiak dira. Ez nahastu, azken bilgunea ez da txapa handia aurkituko dugun tokian egin behar. Gailurrera igo eta bertan pinu bat ikusiko duzue. Bertan egiten da bilera. Adar sendotan kokatutako bi soka zati dira mailon batekin lotutakoak.

 





Jaitsiera: Pedro Picapiedra bidetik rapelatuz. 60 metroko 2 sokekin gu R5etik, R3ra jaitsi ginen eta hortik lurrera (Pablo Marmol bidearen hasierara).

Pedro Picapiedra bidea 60 metroko soka bakar batekin rapela daiteke luze guztiak ez baitituzte 30 metroak gainditzen eta bilgune guztiak rapelatzeko prestatuta daudelako. 

Oinez jaisteko aukera ere badago (gailurretik eskuinera), baina Lumiachako iboi aldera.


Materiala: 11 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrezkoak.

Arroka: Granitoa.

Orientazioa: Mendebaldea.

Iraupena: 1h 30min

Nork irekia/ekipatua: Enrique Recio, Luis Royo eta Julio Benedé, ekaina 2020.

 

Cambiaridioma (Castellano)

 

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario