© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.
Mostrando entradas con la etiqueta Bartzelona. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Bartzelona. Mostrar todas las entradas

2026/07/09

Bideen zerrendarako lotura

Aspalditik nuen Collbatón eskalatzeko gogoa, baina arrazoi batengatik edo besteagatik beti atzeratuta geratzen zen aukera suertatzen zen. Oraingoan, Gironako kostalderako bidean, bertara hurbildu eta zonaldeaz gozatzeko aukera izan dugu.

Josep Monistrol bidea egin genuen Codolosa-ko horman eta Laietana 18 d 'Octubre bidea La Salut-eko horman. Lehenbizikoaren ekipamendua nahiko zaharra da (multi montiak), ondo hornitua dago, baina aseguru batzuen artean nahiko urrutiratze luzeak daude. Bigarren bidea bide modernoa da, ondo hornitua dago eta arroka onekoa da.

Udazken amaierarako, negurako eta udaberri hasierarako leku aproposa da. Uda betean bero handia egingo duela imajinatzen dut. Gu Aste Santuko bigarren asteko lanegun batean egon ginen eta bakarrik ibili ginen. Toki egokia izan daiteke, baita ere, Montserrateko goiko aldean eguraldi txarra egiten badu.

Josep Monistrol Sabadell-go eskalatzaile nekaezinari eskainitako bidea da.

 

Iristeko: Collbató herrira hurbildu eta Coves de Collbató seinaleztapenak jarraitu. La Salut ermitatik gertu dagoen aparkalekuan kotxea utzi. Parkean dagoen iturrian urez hornitzeko aukera dago.

Hurbiltzeko: Aparkalekutik ateratzen den bidezidorra hartu. Uhar lehorra zeharkatzeko balio duen zementuzko zubia igaro aurretik, eskuinera hartu. Bideak behera egiten du eta uharrean sartzen da. Uhar lehorretik gora egin behar da. Mugarri txiki batera iristean (ikusteko zaila dena), ezkerretara hartu eta uharretik irten. Pintura horiko puntuei jarraitu hormaren oinarrira iritsi arte.

La Salut-eko hormara igotzeko, mugarria baino metro batzuk lehenago, bidezidor nabarmen bat ikusten da eskuinean. Bost minutuko igoera baten ondoren bidezidor horrek bidearen oinarrian uzten gaitu.

 

Josep Monistrol (60 m, 5b, derrigorrez 5b)

L1 (30 m, 6 aseg., 5b). Sabeltxo bat sarreran (luzeraren pasagune gogorrena hor dago). Pasagunea derrigorrezkoa da eta oinetan fidatu beharrekoa. Plaka batetik jarraitzen du. Hemen hurrengoa segurua (arroka-zubi bat) urruti dago eta, gainera, ez da ikusten, baina posible da ondoko bideko parabolta txapatzea. Plaka batek diedro batera garamatza. Tarte horretan, luzera zatikatzeko aukera dago lurretik 15 bat metrora R bat dago (bi multi montiz osatua). Diedroa gaindituta, plaka batek bilgunean utziko gaitu. Gure bilgunea ezkerrekoa da (3 multi monti), baina eskuinekoan ere egin daiteke (2 parabolt katearekin lotuta).

L2 (30 m, 6 aseg., 5a). Pitzadura zeihar bat duen plaka hasieran. Zuzen igo beste plaka batetik (aseguruak urrun), gainean ditugun 2 zuhaixken eskuinean jarri arte. Hortik, bideak plaka erraz bat zeharkatzen du gorantz eta ezkerrera doan diagonal bat eginez. Aseguruak oso urrun eta zerbait jartzeko aukerarik ez. Sabel txiki bat duen plaka batek bilgunean utziko gaitu.




Jaitsiera: 60 metroko bi sokekin rapel batean lurreraino iritsiko gara arazorik gabe.

Materiala: 6-8 zinta + bilgunerako materiala. Ongi etor daiteke friends joko bat eramatea. Guk totem berde bat jarri genuen L1ean (aukerako R-aren ondoren eta diedroaren aurretik) eta totem hori bat L2an (zuhaixken azpian dagoen plakan).

Arroka: Montserrateko konglomeratua.

Orientazioa: Hegoa – Hego-ekialdea.

Iraupena: 1 h.

Nork irekia: Oscar eta Albert Masó, 2001 (behetik irekia).

 

Laietana 18 d´Octubre (65 m, 5a, derrigorrez 4c)

L1 (25 m, 4 aseg., 4b). Ondo babestutako (bakoitza parabolt batekin) 3 sabeltxo dituen ezproitxoa. Bilgunea 5 m inguru eskuinetara dago, plataforma zabal batean.

L2 (15 m, 4 aseg., 4a). Ezproitxo txiki batetik igarotzen den plaka etzana.

L2 (25 m, 7 aseg., 5a). Ezproitxo bat hasieran. Gero, ezkerrerantz egiten den zeharkaldi labur batek kanal baten eskuinean dagoen plaka etzan eta polit batean uzten gaitu. Amaitzeko, diedro labur eta polit bat.

 



Jaitsiera: 60 metroko bi sokarekin 55 m inguruko rapel batean bidearen oinarriraino iritsiko gara arazorik gabe. 

Materiala: 7 zinta + bilgunerako materiala. Friendak eta fisureroak ez dira beharrezkoak.

Orientazioa: Hegoa – Hego-mendebaldea.

Iraupena: 1 h.

Nork irekia: A.A., 2019ko urria

 

Cambiar idioma (Castellano)

2022/09/13

Eskaladako bide motza. Lehen luzea oso polita, itsasgarritasun handia duen kalitatezko harriarekin. Pena da L2 eta L3an harriaren kalitatea hainbeste jaistea. Luze horietan arroka lamina modukotan desegiten da eta arreta jartzen igo behar da, baina ongi babestuak daude. L3ko arroka L2koaren antzekoa da, baina luze honetan zati lurkara gehiago daude. Bidea Guillem Arias-en ohiko parabolt horiekin ongi ekipatuta dago eta horregatik ez da estutasunik pasatzen bi luze horietan, baina egia da hor arroka pixka bat hobea balitz bideak asko irabaziko lukeela. Jendea pasa ahala, luze horiek hobetzen joango direla imajinatzen dut. Bilerak 3  paraboltez osatuta daude. Bilera bakoitzaren alboan, rapelean jaisteko instalazioa bat aurkituko dugu (2 parabolt + 2 uztai).

 

Iristeko: Bergara hurbildu eta C-16 errepideari jarraitu Guardiola de Bergueda-rantz. 14 km-ra Malanyeu-ra igotzen den bidegurutzea aurkituko dugu. Asfaltatutako errepide estutik igo eta bidegurutzetik 2,1 km ingurura dagoen pista hartu (ezkerrean). 300-400 metrora pista bitan banatzen da. Ezkerreko adarra hartu, beherantz. Errepidetik 700 bat metrora, ezkerretara dagoen masia baten ondotik igaroko gara. Toki horretaraino pista ona da, tarteka hormigoizkoa. Masia pasata pista nahiko egoera oneko mendiko pista batean bihurtzen da. Errepidetik 1.200 metrora txabola bat aurkituko dugu (eskuinean) eta 100 metro aurrerago masia bat, hau ere eskuinean. 300 m aurrerago (errepidetik 1.700 m-ra), baso bat zeharkatu ondoren, autoa basoko soilgune batean utzi.

 

Hurbiltzeko:  Egoki ikusten dugun tokitik basoan zeharkatuz igo eta hormetara hurbildu. Hormaren oinarria jarraituz bidearen hasierara hurbildu. Oinarrian R0 modura erabil daitekeen parabolt hori bat aurkituko dugu (kotxea utzi dugun tokitik guztira 15 min inguru). Aipamen originalean ekipatzaileek diote hormetara hurbiltzeko bidezidorra dagoela, baina guk ez genuen aurkitu.

 

L1 (30 m, 11 aseguru, 5a). Plaka bertikala. Lehen asegurua zertxobait altu. Lehen eta bigarren aseguruen artean urrutiratzea dago (bien artean pitzadura txiki bat dago, bat bakarra, guk eraman ez genuen friend txiki-ertain bat jartzeko egokia izan daitekeena; horrek seguruenik urrutiratzea zertxobait arindu dezake). Hortik aurrera aseguruak gertu daude, arrokaren kalitatea ona da eta gustura eskalatzen da. Zati bertikal bat gainditu ondoren plakatxo batera irteten da. Hori gainditzean guztiz horizontala den zeharkaldia egin behar da eskuin aldera bilgunea aurkitzeko.

L2 (25 m, 9 aseguru, 4b). Plaka hasieran. Nahi baldin bada bigarren eta hirugarren aseguruen artean aurkitzen den zuhaixka batean zinta bat jarri daiteke. Ondoren zeharkaldi guztiz horizontala eskuin aldera. Azken metroak gandortxo baten erpinetik egiten dira. Bilgunera igotzeko tartea lurkara da.  Bilgunea eta azken asegurura lotzen dituen soka finko batekin babestuta dago (imajinatzen dut lurra bustia dagoen garaietarako prestatu dutela horrela).

L3 (30 m, 10 aseguru, 4c). Arrokaren kalitatearen aldetik bigarren luzearen antzeko luzea da hau. Desberdintasun nabariena hemengo honek zati lurkara gehiago dituela da. Zailtasun gehiena hasierako zati labur batean biltzen da. Ondoren luze guztia 4b/4c inguruko mailakoa da. Bilgunea eta azken asegurura lotzen dituen soka finko batekin babestuta dago.




Jaitsiera: Rapelatuz.

 

Materiala: 11 zinta + bilgunerako materiala.  

Arrola: Kareharri grisa.

Orientazioa: Hego ekialdea.

Iraupena: 1h30min

Nork irekia eta ekipatua: Esteve Fabra, Martí Santamaria, Joan Marc Griñan eta Guillem Arias, abuztua/iraila 2017.

 

Cambiar idioma (Castellano)

 

2019/08/31

Semiekipatuta dagoen bide polita. Zerbait ipini daitekeen tokietan ekipatu gabe utzi da. Beraz, hainbat zatitan autobabesa derrigorrezkoa da. Arroka ona da (garbiketan lan handia egin da) eta garbitutako tokietan harkaitzak itsasgarritasun izugarria azaltzen du. Bilguneak katez elkartutako bi paraboltez eta eraztun batez osatuta daude. Horrek bidea rapelatzeko aukera ematen du.
Lehenengo luzea bertikala eta zailtasunean mantendua da. Azken zatian 6a zailtasuna duen zati bat du (zertxobait luzatuta A0 moduan egin daiteke). Geratzen diren luzeak, nahiz eta autobabesteko zatiak izan, ez direnez hain bertikalak, gehiago gozatzen da. L3ko azken plaka zoragarria (“garbantzu” moduko inkrustazio batzuekin).  Guztiz gomendagarria den bidea da.
Toki lasaia eta Berga aldera dauden bistak ikaragarriak. Inguruan dauden kirol-bideekin osatu daiteke eguna.

Iristeko eta hurbiltzeko: Ikus hurrengo sarrera (Serra deQueralt).
Santutegiko aparkalekutik Cova de la Troballaren ezkerrera geratzen den Garrota behatokira igo (aparkalekutik 10 min). Behatokitik aurrera jarraitu eta 2 min ingurura bidea dagoen zonaldearen aurrean egongo gara (Ratolí del bosc, Apodemos sylvaticus, kartela baino justu lehenago). Queraltina bidearen ezkerrera eta eskuinera beste kirol-bide batzuk daude. Bidearen oinarrian gorriz margotutako “Q” letrak bidearen hasiera adierazten digu.

L1 (35 m, 9 aseguru, 6a edo 5c/A0). Bi zati nahiko mantenduak dituen (hasieran eta erdi aldera) luze bertikala. Eskalada mota guztiekin aurkituko gara (plakak, pitzadurak eta sabaiak). Aseguruen arteko urrutiratzeak autobabestea behartzen dute. Zertxobait luzatuta 6a zailtasunezko zatia A0 modura egin daiteke.
L2 (25 m, 5 aseguru, 4c). Eskuinera, oinez, 5 m inguru egin. Plakatxo bati ekin eta ondoren gilbortxo bati (bere eskuinetik ongi gainditzen da; ongi babestua). Zati hori gainditu ondoren erdian pitzadura handi bat duen plaka handi bat aurkituko dugu. Pitzadurak autobabesteko aukera desberdinak ematen ditu. Helduleku onak dituen plaka bilgunera irteteko.
Aipamen batzuetan luze honi 5b zailtasuna ematen diote, baina guri ez zitzaigun hain zaila iruditu.
L3 (20-25 m, 6 aseguru, 5c). Eskuineko plakara irten eta bertatik igo itsasgarritasun izugarria duen laranja koloreko harkaitzera igo. Zati labur bat igaro ondoren azken plakaren oinarrian egongo gara. Bertara sartzeko sabaitxo bat gainditu behar da (hobe ezkerretik), baina helduleku onak agertzen ditu. Plakak “garbantzu” moduko inkrustazio bitxiak ditu. Bertan itsasgarritasun oneko hainbat pasagune fin aurkituko ditugu.
L4 (10 m, 1 aseguru, II). Oinez jaisteko asmoa badugu soilik. R3ko irteera parabolt batekin babestuta dago.




Jaitsiera: Bidetik rapelatuz edo oinez.
Oinez jaisteko, gailurrera igo eta mugarriei eta harkaitzean margotutako “Q” letra gorriei jarraituz jaisten hasi. Hasieran gandorraren ezkerretik eta gero eskuinetik. Nahiko airetikoa eta zerbait arriskutsua izan daitekeen zati labur batera iritsiko gara. Zati honetan arreta izan behar da. “X” marka batera iristerakoan eskuinera biratu. Azken metroak gandorraren eskuin aldetik egiten dira. Garrota behatokitik datorren bide zabalera jaisteko 15 min inguru beharko ditugu. Beste 15 minututan aparkalekuan gara.

Materiala: 12 zinta + bilgunerako materiala. Friends eta fisurero joko bat. Zinta batzuk arroka-zubientzat.
Arroka: Kareharria.
Orientazioa: Hegoa.
Iraupena: 1h 30min.
Nork ekipatua: Jordi Farrás eta Ángel Companyó, apirila 2017.


2019/08/22

Malanyeura itzultzen gara, bere eguzkira eta bere arroka ezin hobera.Bidea arroka trinkoz osatutako plaka segida amaigabe bat da. Aseguruen artean “airea” dago eta beraz, beraien artean eskalatu egin behar da. Bere edertasunagatik eta homogeneotasunagatik hirugarren luzeko plaka trinkoa aipatu behar da. Bidea paraboltekin, arroka-zubiekin eta ezpeletan kokatutako zintaren batekin ekipatuta dago. Hala ere urrutiratzeren bat edo beste babesteko ongi dator friends edo/eta fisurero joko bat eramatea (nahiz eta zerbait jartzeko aukera gutxi egon).
Marrazkian rapelatzeko markatuta dauden bilguneak 2 parabolt eta 2 eraztunez (R2’ eta R3) edo katez elkartutako 2 parabolt eta eraztunez (R4) osatuta daude.
Bidearen hasiera aurkitzeko oso elkar dauden bi haritzen alboan hasten dela kontuan izan behar da. Harkaitzean A.E. inizialak, tamaina txikiz eta beltzez, margotuta daude. Egia esan, zaila da inizial horiek aurkitzen. Bidea aurkitzen lagunduko diguten beste erreferentzia batzuk “Badalona” bidearen hasieratik 10 m eskuinera eta “Viatge pura delicia” bidetik (izenak harkaitzean beltzez margotuta daude) 5 m ezkerrera dagoela dira. Lehengo parabolta erraz ikusten da.

Iristeko eta Hurbiltzeko:  Ikus hurrengo sarrera.

L1 (30 m, 7 aseguru, 5c). Pasagunea bidearen hasieran. Bi haritzetako enbor batekin laguntzen bada, errazago egiten da. Ondoren plaka bat. Hori gainditzerakoan ezker aldera igoz azken plakei eraso behar zaie. Azken bi plaketan pasagune finak daude.
L2 (25 m, 6 aseguru, 5c). Ezker aldean geratzen den pitzadura aldera plakatik igo (zati fina). Ondoren, pitzadurari jarraituz, plakara irten eta eskuin aldera (diedro handi aldera) pasatu. Zati hori gainditu ondoren plakatxo labur bat soilik geratzen da bilgunera iristeko.
L3 (25 m, 5 aseguru, 5b). Pasagune finen bat duen zimurduraz beteriko plaka trinkoa. Arroka-zubiak soka oso finekin eginak daude eta ez dute konfiantza handia ematen (oso gertu dauden 2 arroka-zubietako batean soka hain fina da oinetakoen lokarriaz egina dagoela ematen duela). Eskerrak pare bat metro gorago eskuinetik igotzen den bidearen parabolt bat aurkitzen dela. Aseguru horrek azken metroak (eta urrekoak) konfiantzarekin igotzea ahalbidetzen dute. Bilgunea iritsi baino lehenago, azken metroak, harri solteak dituzten harmailetatik egiten da.
L4 (25 m, 2 aseguru, 4c). Harmailak hasieran. Luzeak ezkerrera egiten du azken plaka nabariaren bila. Txapa zertxobait gora, baina diedroaren laguntzarekin igo daitezke metro horiek. Diedroaren goiko zatian arreta izan behar da arrokaren.



Jaitsiera: Rapelatuz. R4tik R3ra, hortik igotzerakoan eskuinean geratzen zaigun bidearen R2ra. Azken bilgune horretatik (2 parabolt + 2 eraztuz) rapel zuzen eta garbi batekin lurrera iritsiko gara (60 m-ko sokekin).

Materiala: 7- 9 zinta + bilgunerako materiala. Aukeran Friends eta/edo fisurero joko bat eta zinta batzuk.
Arroka: Kareharria. Oso trinkoa eta zimurduraz betea. Malanyeuko arrokaren berezitasuna da.
Orientazioa: Hegoa, eguzkiak ematen dio egun osoan.
Iraupena: 2h.
Nork irekia: Joan Baraldés eta Toni Alarcón, 2014.


2019/05/18


Zailtasuna neurrizkoa duen bide motz eta polita. Ekipamendu oparoak oso arriskugarritasun baxua ezartzen dio. Luze ugariko bideetan eskalatzen hasteko edo inoiz eskalatu ez duen jendea eramateko bide aproposa.
Arroka ona da (L3ko zati batean garbiketa lan izugarria egin dutela nabari da) eta Berga aldera dauden bistak ikusgarriak dira. Leku lasaia. Azken luzean irteera aukera dezakegu (ezkerretik zaila, erditik ertaina eta eskuinetik erraza).
Beheko plakan dauden kirol eskaladako bideekin osa daiteke eguna.

Iristeko eta hurbiltzeko: Ikus hurrengo sarrera (Serra de Queralt).
Santutegiko aparkalekutik Garrotako begiratokira igo (Cova de la Troballa delakoaren ezkerrean geratzen da). Guztira 10 min inguru beharko ditugu. Begiratokiaren eskuinean kirol eskaladako bideak dituen plaka bat dago. Quercus bidea 2 arte gazteen artean doana da. Lurrean dagoen harri handi batetik hasten da.
Bitxikeri bezala aipatu bide hasieraren alboan Done Ignaziori dedikatutako kapera txiki bat dagoela eta aparkalekutik santutegira igotzeko eskailerak zenbakituta daudela.

L1 (30 m, 12 aseguru, 4b). Hasieran plaka bertikala, baina gero etzaten joaten da eta azkenik, hormatxo bat. Arroka kalitate bikainekoa. 5 eta 11. aseguruen parean jaisteko mosketoiak dituzten bilguneak aurkituko ditugu. Gure bilgunea jaisteko mosketoiak dituen azken bilgunetik 5 m gorago dago. Harri-bloke handi batean kokatuta dago. Ezkerretik bidea utzi eta oinez jaisteko aukera dago.
L2 (35 m, 4 aseguru, 3b). Hasieran, lehenengo asegurura iritsi arte, 10-15 m oinez igotzen dira. Ondoren eta bilguneraino, trepada.
L3 (25 m,11 aseguru, 4b). Hasieran gandorraren eskuinean dagoen plaka oso etzana. Ezkerrera pasa eta euste leku onak dituen gandor bertikal zati bat igotzen da (arrokarekin oso garbiketa lan ona burutu dute hemen). Zati etzan bat eta azken hormatxo bat geratzen dira lepo zabal batean aurkituko dugun bilguneraino iristeko. Bilgunea aurreko plakan dago.
L4 (15 m, 6 aseguru, 5c). Estutu behar den plaka bertikal labur bat hasieran (A0 modura prestatuta; motzondo txiki batera igoz lehenengo asegurua txapa daiteke). Hirugarren asegurua ez da ikusten bilgunetik. Gero errazago.
 edo
L4 (15 m, 5 aseguru, 4b). Oinez eskuinera egin eta gero plaka bertikal motz bat.
 edo
L4 (15 m, 4 aseguru, 3c). Oinez eskuinera egin eta gero kanal motz bat.



Jaitsiera: Gailurraren ezkerretik bidezidor bat jaiotzen da. Bide hori hartu eta 7 minututan Garretako bide zabalean izango gara. Beste 10 minututan aparkalekuan gara.

Materiala: 12 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira behar.
Arroka: Kareharria
Orientazioa: Hegoa.
Horario: 1 h.
Nork ekipatua: Sergi Caldera, Jordi Farrás eta Ángel Companyó, urtarrila 2019.


2019/05/12


Mercadal Inferior gandorra igotzeko bide semiekipatua. Bilgune batzuk ekipatuta aurkituko ditugu (eskalada-eskolako bideen azken bilguneak direla uste dut), baina beste batzuk guk osa beharko ditugu (zuhaitz/zuhaixketan edota harri blokeetan). Arrokak euste leku ugari ditu, baina oso pitzatua dago eta ez du segurtasun handirik ematen. Arreta jarri behar da eta aztertu zer ukitzen den. Hori ez balitz, gozatzeko bidea izango litzateke.
Luzeetan aurkituko ditugun paraboltak arroka trinkoa dagoen tokietan jarrita daude. Hortik kanpo aseguru finkoak jartzeko aukera gutxi zegoela ulertzen dut. Hala ere arrokak ematen du friendsak edota fisureroak jartzeko aukera.
Gu gandorraren eskuin aldetik sartu ginen (eskalada-eskola dagoen aldetik). Beste iturri batzuk gandorraren ezkerretik sartzen dela diote, baina arroka oso desegina ikusten da. Ezkerretik sartu nahi bagenu, igoera bidezidorra pinudiaren amaiera aldera utzi beharko litzateke.
Luze batzuk batzeko aukera dago, baina bikoteen arteko komunikazioa okertu egiten da. Horrez gain, zinta espres luze nahiko eraman beharko lirateke.

Iristeko eta Hurbiltzeko: Hurrengo sarrerako informazioa ikusi (Serra de Queralt). Font-Negreko aparkalekutik, igoera gogor baten ondoren, 10 minututan bidearen oinarrian gara.

L1 (15 m, 3 aseguru, 4c). Gandorrera igotzeko plaka motz bat. Gandorrera irteterakoan, metro pare bat beherago, harri-bloke handi baten atzean bilgunea antolatzeko parabolt bat aurkituko dugu.
L2 (25 m, 4 aseguru, 4c). Gandorrari jarraitu. Hainbat zatitan arrokarekin arreta izan behar da. Zati horizontalera iristerakoan harri-bloke batean edo, metro batzuk aurrerago, zuhaitz batean bilgunea osatu.
L3 (25 m, 0 aseguru, II). Gandorraren ezkerretik ongi egiten den gandor horizontala. Harri-blokeetan eta zuhaitzetan babesak jartzeko aukera ugari dago. Bilgunea 2 paraboltez osatua dago eta gandorraren eskuin aldean aurkituko dugu (hurrengo zati bertikala hasten den oinarrian). L2 eta L3 luzeak elkartzeko aukera legoke, baina orduan bikotearen arteko komunikazioa oso txarra izango litzateke.
L4 (20 m, 3 aseguru, 4c). Gandor bertikala. Zati horizontalera irteterakoan bilgunea ezpel sendo batean egin daiteke.
L5 (25 m, 2 aseguru, 4c). Zertxobait estutu behar den pasagunetxo bat duen plaka trinkoa hasieran. Gero errazago, baina arrokarekin arreta izan behar da. Gandorraren zati horizontalera irteterakoan 2 paraboltez osatutako bilgunea aurkituko dugu. L4 eta L5 luzeak batzeko aukera dago.
L6 (40 m, 0 aseguru, II). Gandor horizontala. Harri-blokeetan eta zuhaitzetan babesak jartzeko aukerak daude. Noizbehinka ere, zinta espresak jartzeko, eskuineko bideen azken bilguneak aurkituko ditugu. Bilgunea 2 paraboltez osatua. Gandorraren eskuinean dagoen arte handi eta nabari baten alboan aurkitzen da.
L7 (30 m, 0 aseguru, II). Aurrekoa baino errazagoa den gandor horizontala. Bilgunea rapelatzen den tokian egiten da (arroka-zubia zintekin eta maillon batekin).



Jaitsiera: Erlaitz handi bateraino 15 m inguruko rapel motz bat egin behar da. Gero, gandorraren zati bat oinez jaisten da (destrepe txikiren batekin) leporaino iritsi arte. Bertatik eskuinera irteten den bidezidorra hartu eta 5 minututan bidearen oinarrian izango gara (beste 5 minututan kotxean).

Materiala: 6-8 zinta + bilgunerako materiala. Friends eta fisurero joko bana. Zuhaitzetarako eta harri-blokeetarako zintak.
Arroka: Kareharria (oso pitzatua)
Orientazio: Mendebaldea.
Iraupena: 1 h 50 min.


2019/05/06


Eguraldiak ona jarraitzen zuela aprobetxatuz eta jakinik hurrengo egunak ez zirela hain onak izango, eskalatzen jarraitzea erabaki genuen eta Magdalena Superior delakoan dagoen “Doc Anton” bidea egitea. Miranda de Santa Magdalenako gailurretik  Magdalena Superior orratzaren oinarrira hurbildu ginen eta ezkerrean geratzen kanaletik jaitsi ginen.
Oso bide polita da, arroka onarekin eta oso ongi ekipatua. Zati gogorrenetan aseguruak gertu egoteak gauza lasaitasun handiagoarekin hartzen laguntzen du. Neretzat zati bixiena lehenengo sabaiaren gainetik egiten den 2-3 metroko zeharkaldi airetikoa izan zen (gehien bat oinen azpian amildegia sumatzen duzulako).

Iristeko eta hurbiltzeko: Ikusi hurrengo sarrerako informazioa (Montserrat 2).
Funikularretik hurbiltzen bagara, Sant Jeroni-ra doan bidea hartu eta Jacob eskailerak erabilita kartel adierazle batzuk dituen lepotxora hurbildu (20 min). Igotzen jarraitu Magdalena Superior delakoaren atzeko lepora iritsi arte eta ezkerrean geratzen den kanaletik jaitsi. Plakaren oinarria jarraitu txapa horiak aurkitu arte (beste 15 min; funikularretik guztira 25-30 min inguru).

L1 (45 m, 6 aseguru, 3c). Zertxobait gehiago pentsatu beharra dagoen pasagunetxoren bat duen plaka etzana. Hasi eta 15 m ingurura bilgune bat topatuko dugu (2 parabolt). Bilgunea iritsi baino lehen pasagunetxo bat.
L2 (30 m, 11 aseguru, 5b). Plaka. Ondoren estugune bat dagoen sabaia bere eskuinetik gainditzeko. Sabaiaren gainetik 2-3 m dituen zeharkaldi airetiko bat egin behar da (zertxobait ziragarria) bilgunera eramango gaituen azken plakari ekin baino lehen.
L3 (30 m, 12 aseguru, 5c). Gure buruaren gainean ikusten den kanal nabarira hurbiltzeko plaka labur bat hasieran. Kanala ezkerrean duen plakatik gainditzen da. Zati errazago bat azken plaka bertikalari ekin baino lehen. Azken plaka honetan estutu behar da.
L4 (25 m, 5 aseguru, 4b). Bilgunetik irteterakoan plaka bat eta ondoren zati etzan bat. Azken plaka bertikalean aseguruak oso gertu. Bilgunea lurrean (3 parabolt).



Jaitsiera: Rapelatuz eskuinean geratzen zaigun lepo aldera. Rapel batean jaitsi daiteke 60 m-ko bi sokekin (50-55 m inguruko rapela). Hala eta guztiz ere rapela zatitu daiteke (eta 25-30 m-ko bi egin) tartean beste rapel instalazio bat dago eta.

Materiala: 12 zinta + bilgunerako material. Friendsak eta fisureroak ez dira behar.
Arroka: Kareharria (konglomeratua)
Orientazioa: Mendebaldea.
Iraupena: 2 h.
Nork ekipatua: Guillem Arias eta Xavier Amill, 2008.

2019/05/04


Guillem Arias nekaezinaren beste bide bat. Eskertzekoa da gizon honen lana. Lerro hauetatik, esker mila.
“Nuria” oso ongi ekipatutako bide erraza da. Eguraldia oso segurua ez denerako, arroka oso lehorra ez dagoenean edo eskalada egun bat osatzeko bide aparta da. Bidea plaka etzan handi bat da. Denak nahiko etzanak, azken luzea izan ezik. Azken honek bi hormatxo ditu.
Bide hau ere aproposa da haurrak edo inoiz eskalatu ez duen jendea eramateko, baita ikastaroak emateko. Horma ez da ezertan bertikala eta bilguneak oso erosoak dira. Horrez gain, bilgune batzuk 4 paraboltez osatuta daude eta horrek aldi berean bi bikotek eskalatzeko aukera eskaintzen du.
Hirurogei metroko bi sokekin luzeak binaka elkartu ditugu. Soka motzagoekin edo jarduera luzatu nahi badugu banaka egitekoa aukera dago ere.
Bidea Miranda de Santa Magdalena gailurrean amaitzen denez Magdalena Superior edo Inferior orratzetan dauden beste bide batekin jarraitu daiteke.

Iristeko eta hurbiltzeko: Ikus hurrengo sarrera (Montserrat 2).
Eskemako (a) bidea: “La Torna”ko lepoa pasa ondoren, bideari jarriatu eta Mirador de Sant Joan osoa inguratu Punta Pam a Pam orratzarekin osatzen duen leporaino iritsi arte. Bideari jarraitu. Bidea erorita dagoen zati batekin egingo dugu topo. Zati hori pasa eta behe aldera egiten duen bideari jarraitu. Bidegurutze batera iritsiko gara. Bertan pintura berdearekin puntu bat margotuta duen zuhaixka batekin egingo dugu topo. Gora egiteko unea da (bidea zertxobait hartuta dago eta zertxobait “basurdearena” egiten ibili behar da). Plakak gure ezkerrean sumatzen ditugunean (10 min inguru Punta Pam a Pam lepotik) ezkerrera jo (hasieran emeki beherantz eta gero gorantz egiten du) plaka oso etzan bat aurkitu arte. Plaka horren oinarria jarraitu zilar koloreko parabolt bat aurkitu arte. Aurrera 10 m inguru eginez txapa horia (Gullem-enak beti horrela koloreztatuta daude) duen parabolta aurkituko dugu plakaren oinarrian. Parabolt horrek “Nuria” eta “Directa Nuria” bideen hasiera adierazten du.

Eskemako (b) bidea: Guillem Arias-ek beste bide bat proposatzen du (https://blogdelguillem.blogspot.com).

L1 (55 m, 10 aseguru, 3b). Plaka etzana. Hasi eta 4 m ingurura nahiko gertu dauden 2 parabolt ikusiko ditugu. Ezkerrekoa “Nuria” bidearena da eta eskuinekoa “Directa Nuria” bidearena. Luzearen bigarren zatia (R1´ondoren) errazagoa da (II).
L2 (45 m, 9 aseguru, 3c). Zertxobait gehiago pentsatu beharra dagoen bi pasagunetxo dituen plaka etzana.
L3 (50 m, 10 aseguru, 3c). Ur-arrastoa zeharkatu (euria egin ondoren bustita aurki dezakegu) eta plaka etzanetik igo. R3´ bilgunetik aurrera oinez igotzen den tarte oso etzan batek banatzen dituen bi erresalte soilik geratzen dira.



Jaitsiera: Oinez.

Materiala: 10 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira behar.
Arroka: Kareharria (Konglomeratua)
Orientazioa: Hego-mendebaldea.
Iraupena: 50min.
Nork ekipatua: Guillem Arias, 2010.


2016/12/07

Plaketan nagusia den bidea. Oinekin eskalatzen da, esku eta oinentzako euste leku txikiekin. Montserrateko ohiko eskalada mota. Plaketan ez bazara abila, estutasun txikiren bat pasa dezakezu eta oineko bikiak nekatuko zaizkizu.
Arroka ona lehenengo luzeko lehen metroak izan ezin. Bertan arroka zertxobait leundua dago, baino hortik aurrera arroka ona da. Ekipamendua ere ona da, baina zati batzuetan aseguruen artean urrutiratzeak daude. Burutik ongi ibili behar da.

Iristeko: Bartzelonatik hurbilduz Collbato adierazten duen A-2 autobiako 575 irteera hartu behar da. Zerbitzu bidetik 2,5 km inguru egin El Bruc 500 m, 572 irteera adierazten duen kartel adierazlearen aurrera iritsi arte (kartela autobian dago). Justu toki horretan etorbide moduko batetik el Bruc Residencial delakoan sartu behar da. Etorbidea bitan banatzen denean, ezkerreko kalea hartu eta amaieraraino jarraitu. Bertan eskuinera egin eta berehala, ezkerrera eginez, pinudian sartzen den lehenengo lurrezko pista hartu. Pista estua da, baina egoera onean dago eta kilometro pare bat egin ondoren Can Jorbako aparkalekuan utziko gaitu. Bidegurutze guztietan norabide egokia adierazten duten kartelak aurkituko ditugu.
Beste aukera bat Vinyanova jatetxetik hurbiltzea da (ikus eskema), baina bidea luzeagoa da eta, nahiz eta pista zabalagoa izan, egoera okerrago batean dago.


Hurbiltzeko: Eskaileratxoak dituen etxetxoaren alboan jaiotzen den bidezidorrari jarraituz bailararen hondo aldera egin behar da. Uhar lerro batera iritsiko gara. Badirudi uharrari jarraituz igotzeko aukera dagoela bide arrastoak nabari direlako, baina ez da horrela. Uharra zeharkatu eta beste aldera pasa behar da. Bideak beste aldetik gora egiten du eta Torrent del Migdia – Tram inferior (El Joc de l´Oca ibilbidea) arroilera hurbilduko gaitu. Bertan dago bidearen hasiera. Bidea zein den nabaria da.

L1 (25 m, 8 aseguru, 4c).  Plaka hasiera eta ondoren diedro moduko baten laguntzarekin igotzen den plaka. Lehenengo metroak zertxobait leunak. Lehenengo aseguruak ere zertxobait urruti. Hirugarren aseguruan, txapatu ondoren, hobe da ezkerrera pasa eta, zertxobait gorago, eskuinera. Euste leku gehiago daude eta arroka ez dago hain leundua. Hortik aurrera diedroaren ezkerretik igotzen da. Euste leku onak eta aseguruak gertuago azken zati honetan. Bilgunea bi parabolt eta katez osatua.
L2 (20 m, 4 aseguru, 4c). Montserraten ohikoak izaten diren plaka horietako bat da. Arroka hobeagoa da eta ez dago hain leundua, baina nahiko airea dago aseguruen artean. Lehen asegurua nahiko urrun. Bada bosgarren aseguru bat, baina bilgunetik 25 cm eskasera dago eta gutxirako balio du. Bilgunea eraztunik gabeko bi paraboltez osatua.
L3 (30 m, 13 aseguru, 4c). Oso ongi babesturiko plaka, baina oso mantendua zailtasunean (ia horrengatik lasai-lasai 5a-ko zailtasuna eman litzaioke). Eskalada mota honetara ez bazaude ohituta oineko bikiak kargatzen joaten dira. Luzeak emeki eskuin aldera egiten du seigarren asegururaino iritsi arte. Gero dena zuzen. Bilgunea eraztunik gabeko bi paraboltez osatua.
L4 (25 m, 5 aseguru, 4c). Bi zuhaixken artean dagoen txapa hori bateraino iritsi arte, eskuinera egiten den zeharkaldi horizontal batekin hasten da. Hirugarren eta laugarren aseguruen artean distantzia dago. Zati honetan gainera daude luzeko pasagunetxo finak. Bilgunea bosgarren asegurutik, horizontalean, 3 m ezkerretara dago. Sokez loturiko bi paraboltez osatuta dago bilgunea, baina eraztunik gabe.
L5 (25 m, 4 aseguru, 4b). Zertxobait etzana dagoen plakatik igo eta sabai handia ezkerretik inguratu. Sabaian zuzen igotzen den parabolt lerro bat ikusten da, baina oso zaila ikusten da (ez dakit zer irten daitekeen, baina oso zaila denaren itsura dauka). Ezkerreko ertzetik igo eta, azken aldera, bilgunea aurkitzeko, eskuinera egin. Luze hau erdibitzeko aukera dago ertzean dagoen zuhaitz handian bilgunea antolatzen bada (R4tik 15 m ingurura dago zuhaitza). Bilgunea eraztundun 3 paraboltez osatuta dago.



Jaitsiera: Krokisean agertzen den rapel lerrotik rapelatuz. Bilgune guztiak eraztundun bi parabolt berriez osatuta daude. 60 metroko soka bikoitzekin R1 modura izendatu dugun bilgunea salta daiteke eta modu erraz eta eroso batean R2ra iristen da. R3 delakoa aurkitzeko zuhaitzetatik aldendu behar gara eta hormaren zentro aldera eginez jaitsi behar gara.

Materiala: 13 zinta + bilgunerako materiala. Bide  hasieran dagoen zuhaitzaren adarrerako ongi dator zinta bat.
Arroka: Konglomeratua.
Orientazioa: Ekia.
Iraupena: 2h45min.
1.igoera: J. Oliva eta T Céspedes, 1992.

2015/05/22

Aukeratzen den R2 bilgunearen arabera, bi irteera desberdin dituen bidea. Ongi ekipatua dago, baina ongi dator friends edota fisurero batzuk eramatea, azken bi luzeetan urrutiratzeren bat babesteko edo ekipamendua osatzeko. Lehen luzea da zailtasunean mantenduena. Beste bi luzeetan zailtasun mugatuagoak dira: pitzatutako azken plaka bertikala ezkerreko bariantean eta blokeozko pasagune bat (aseguruak gertu) eskuineko bariantean.
Bidea haritzaren ezkerrean hasten da. Pare bat metro ezkerrera arroka-zubiz ekipatuta aurkituko dugun lerroak gure bidea hobeto identifikatzen lagunduko digu. Haritzaren eskuinean beste parabolt lerro bat dago. Bigarren bilgunetik bariante batetik bestera pasatzeko aukera dago. Ezkerreko barianteko azken luzeko erditik ere eskuineko bariantera pasatzeko aukera dago.

OHARRA: Joan Baraldések idatzitako ohar batean bide honen alboan beste bide berri bat ireki dela ohartarazten da. Bide berriaren izena "Directa Carla Alarcon" da. Bi bideak oso gertu daudenez nahasteko aukera dago. Beraz eskalatzen hasi baino lehen komeni da hurrengo blogean aurkituko dugun informazioa ondo aztertzea: 

Acceso y aproximación: Ver ésta entrada.
Iristeko eta hurbiltzeko: Ikus hurrengo sarrera.

L1 (30 m, 11 aseguru, 4b). Oinentzat eta eskuentzat zulo eta euste leku pilo bat dituen plaka bertikal zoragarria. Azken asegurua zuhaitz handi batean kokatuta dago. Jaisterakoan rapela egiteko prestatuta dago. Bilgunea 4 metro gorago aurkituko dugu.
L2 (30 m, 2 aseguru, 5a). Fisurero txikiak edota friendsak ipintzeko aukera ematen duen 6-7 metro inguruko pitzadurak dituen plakatxoa. Lehen asegurua 10 metro ingurura, plakatxo trinko batean, dago. Bigarren aseguru horretatik bi aukera ditugu. Lehena zuzen jarraitzea da. Bi plakatxo gainditu beharko ditugu bilgunea iritsi baino lehen (bigarren asegurua azken plakatxoan). Bigarren aukera eskuin aldera jo eta, asegururik gabe, eskuineko R2 bilgunea bilatzera joatea da.

Ezk. Bar.
L3 (30 m, 6 aseguru, 5b). Plakatxo bat bilgunetik irteterakoan. Pitzadura horizontala gainditu eta ondoren plakatxo bat. Plaka zimurtu bat eta grada batzuk pitzadurak dituen azken plaka bertikalaren oinarrian utziko gaituzte. Azken metro hauek aurkituko ditugun bi aseguru bakar horien artean zerbait ipintzeko aukera ematen dute.

Esk. Bar.
L3 (35 m, 9 aseguru, 5c). Bilgunetik irten eta plakatik igo zuhaitz handiaren itzalpean dagoen erlaitz batetaraino. Arroka trinkoz osatutako plakatxo bertikalari ekin. Pasagunetxo finaren bat du eta ezker aldera joz igo behar da. Pitzadu baten oinarrira iritsiko gara. Ezkerretik igoz gilbortxo bat duen plakatxo bertikal bati ekin behar zaio, baina aseguruak gertu daude. Dirudienez (beste erreseña batzuetan horrela diote) pitzaduraren eskuinetik irteteko aukera omen dago (IV, parabolt 1), baina ezin dut ziurtatu ez genuen egin eta.


Jaitsiera: Ezkerreko bariantetik rapelatzen. 30 metroko hiru rapelekin lurrean gara . 60 metroko sokarekin ongi egiten da.

Materiala: 11 zinta + bilgunerako materiala. Friends edota fisurero batzuk azken bi luzeetan urrutiratzeren bat babesteko edo ekipamendua osatzeko.
Arroka: Kareharria.
Orientazioa: Hegoa.
Iraupena: 1h30min.
Nork ekipatua: J. Baraldés eta X. Solá, 2008ko ekaina.