© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2022/11/01

Bide polita, bizitzan behin egin behar diren horietakoa. Bigarren eta hirugarren luzeak zoragarriak. Sable txiki batzuk tartekatuta dituzten plaka bertikalak dira, euste leku ugariak dituen arroka trinkoarekin. Azken luzea ere oso polita eta zailtasunean mantendua. Bide osoko arroka kalitate onekoa da eta ekipamendua ere. Bigarren luzeko zailtasuna lehen 5-8 metrotan biltzen da, ondoren gozamena. Azken luzeari bada 6a zailtasuna ematen diotenak, ez pasagune gogorren bat duelako baizik bere lehen 2/3 tan zailtasuna beti 5c inguruan dabilelako eta deskantsatzeko aukera gutxi ematen dituelako.

Ustekabea lehen luzean jaso genuen. Aipamen gehienetan 4c-ko zailtasuna ematen diote, baina guri askoz gogorragoa iruditu zitzaigun. Jada sarrera pasagunetxo arraro bat dut. Gero bi hormen artean igotzen da, lehen metroak eskuineko plakatik eta ondoren ezkerreko hormarekin lagunduz. Hor tximinia-diedro baten igotzen den bezala igo behar da. Agian hotzak harrapatu gintuen edo arazo psikologikoa izan zen, baina biori 4c baino asko gogorragoa iruditu zitzaigun (5a/5b ingurukoa). Gainera, sentsazioa ere ez da oso lasaigarria. Oinen azpian “aire” ugari geratzen da eta gainera erorketa batek kaskateko eder bat suposatuko luke. Gaitz erdi ongi ekipatua dagoela eta plakara irtetean berehala ahazten direla momentu latz horiek. Azken metroetan guri 5c mailakoa iruditu zitzaigun pasagunetxo bat dago (A0 modura egin daiteke).

Bilgunean erlaitz handi eta erosoetan jarrita daude eta batzuk 2 paraboltez osatuta daude eta beste batzuk parabolt batez sendotutako 2 spitez. Giro lasaia eta Congost aldera eta aurrean dauden mendi aldera dauden bistak zoragarriak. Hurbilketa ere oso polita.

Bere orientazio dela eta, bidea egokia da udaberri edo udazkenerako. Udaran ere egin daiteke bero asko ez badu egiten eta egitekotan hobe goizeko freskotasuna aprobetxatuz egitea.

Aipatu behar da bidea ireki zutenean igoeran soilik progresiorako 8 aseguru finko erabili zituztela. Izugarria. Gero jende gehiagok egiteko asmoarekin birrekipatu egin zuten.

 

Iristeko: Pobla de Segur herrira hurbilud eta hortik Sort aldera egin N-260 errepideari jarraituz. Kotxea 299,4 km-an dagoen aparkalekuan utzi. Ikus eskema.

 

Hurbiltzeko: Ikusi eskerma.

Sare elektrikoaren bi dorreak dauden lepora igo (20 min). Moles del Pessóko hormak inguratu (bideak lehenik behera egiten du, gero laua da). Aterpe modura erabil daitekeen kobazulo txiki baten albotik (Cova de la Serp) pasatuko gara. Iristen da momentu bat non bideak norabidez aldatu eta Barranc de Sant Pere aldera egiten duen. Bidetik jarraitu hormara igotzeko balio duen bidezidorraren hasiera adierazten duen mugarria aurkitu arte (40 min inguru kotxetik). Ageriko tokietatik igo (bidezidor arrastoak). Hormaren oinarrira iristeko 10 min inguru beharko ditugu. Beste aipamen batzuk diote R0 bilgunera igotzeko orratzaren ezkerretik egin behar dela. Guri bideak eskuin aldean utzi zigunez, eskuinetik igo ginen.

R0 bilgunera igotzeak hormaren oinarritik trepada lurkara bat egitea suposatzen du. Begetazioa oso gertu dagoenez adarrekin borrokan ibili beharko dugu eta zati nahiko urratzailea da. Azken 5 metroak bertikalagoak dira.

R0ra iristeko, guztira, 1h 5 min behar izan genituen.

Oharra: Hurbilketa Figuereta-ko atseden-lekutik egin daiteke (iturria). Ez dut uste hortik hurbilketa beste lekutik baino luzeagoa denik. Hori bai, itzulia luzeagoa da.

 

L1 (40 m, 12 aseguru, 5c). Pasagune arraroa plakara igotzeko. Urrutiratzea lehen eta bigarren aseguruen artean. Gero tximinia batean bezala igotzen da. Azken zatian diedro baten modura ezkerreko hormarekin lagunduta, baina altuera sentsazio handiarekin. Erortzeak kasketako eder bat suposatuko luke. Plaka batera irtengo gara. Hori gainditzerakoan erlaitz belarkara batera iristen da. Ezkerrera egin eta sabeltxo bati ekin (luzeko pasagune gogorrena). Azken metroak sabeltxo batzuk agertzen dituen plaka erraz batetik egiten dira.

L2 (50 m, 12 aseguru, 5b). Sabeltxoak dituen plaka bertikala. Luzearen zailtasunak lehen hiru sabeltxoetan biltzen dira (lehen 5-8 metroetan). Bilgunetik irteteko lehen sabeltxoa gainditu behar da. Ondorengo biak gogortxoagoak dira. Hobeto igotzen dira, txapatu ondoren, zertxobait ezkerrera desplazatuz (metro bat edo bi) eta bertikalera berriro itzuliz. Luzeko beste zati guztian arrokak euste leku pilo eta onak erakusten ditu. Zati guzti horretan hobe da txapen ezkerretik igotzea. Zati gozagarria (4b/4c inguru beti). Bederatzigarren aseguruan aurkituko dugun horma-sabela hasieran ematen duena baino errazagoa da bere eskuinetik egiten bada. Bilgunera iritsi baino lehen dauden azken metroak emeki ezkerrera eginez igo behar dira.

L3 (40 m, 10 aseguru, 5a). Bilgunearen gainean ikusten den ipuru aldera igo. Ondoren eskuin aldera egin itsasgarritasunezko plaka batetik eta sabel biribil batzuk gainditu. Luze honetan ez ditugu aurrekoan aurkitu ditugun euste leku hain onak aurkituko. Hemen euste lekuak txikiak dira eta handiak direnak biribilduak dira. Ondoren sabeltxo erraz batzuk eta bere eskuinetik ongi igotzen den horma labur bat (zortzigarren aseguruaren inguruan). Sabel-sabai bat bilgunera iritsi baino lehen.

L4 (20 m, 1 aseguru, 3b). Lehen zati erdia oinez igotzen den erlaitz ia horizontal betetik egiten da. Zuhaitzak (egokiak zintaren bat jartzeko). Guk zuhaitzen ezkerretik igo ginen (beste aipamen batzuetan eskuinetik jartzen du). Zati lurkara eta ondoren zertxobait zikina dagoen plaka bat. Faltan bota genuen parabolt bat (guk behintzat ez genuen aurkitu). Bilgunea baino bi metro lehenago zinta bat aurkituko dugu ipuru batean jarrita.

L5 (30 m, 11 aseguru, 5c). Lehen 2/3tan 5c zailtasunean oso mantendua den luzea. Zig-zag txiki bat egin behar da. Lehenik ezker aldera egiten da. Gero eskuinera pasa behar da eta zertxobait gorago berriro eskuinera. Azken herena eramangarriagoa da.

 




Jaitsiera: Mugarriei jarraitu. Lehenik emeki gora eginez. Gero nahiko laua (igoera eta jaitsiera oso txiki batzuekin) Paret del Pessó-ko goi partera iritsi arte. Erreferentzia bezala gure aurrean (Noguera Pallaresa ibaiaren beste aldean) arroila handi bat ikusiko dugu. Hortik eskuin aldera egin behar da kate, grapa eta soka finkoekin ekipaturiko jaitsiera aurkitu arte. Jaitsi behar den lehen zatia nahiko bertikala da. Kateari eutsita jaitsi daiteke, baina hobe 20-25 metroko rapel motz bat egiten bada (guk hori egin genuen). Kanaletik egiten den jaitsiera eramangarriagoa da eta kateari eutsita egiten da (toki batzuetan katearen ordez soka finkoak aurkituko ditugu). Dituen zati bertikalak grapa batzuen laguntzarekin jaisten dira. Bidearen amaieratik kotxera itzultzeko 1 h inguru beharko ditugu.

 

Materiala: 12 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrezkoak. Zinta luze bat L4-rako.

Arroka: Kalitate oso oneko konglomeratua.

Orientazioa: Hego mendebaldea.

Iraupena: 2h 45 min

Nork irekia: Armand Ballart eta Cesar Perez Hurtado, apirila 1991.

Nork birrekipatua: Cesar Perez Hurtado eta Oriol Soler

 

Cambiar idioma (Castellano)

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario