© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2022/11/13

Bide honen erreferentzia 2015etik dut. Urte horretako abenduan egitera joan ginen (“Jo aqui no hi torno” bidearekin batera) eta sabaia ezin gainditurik geratu ginen. Geroztik, noizbehinka, bideari arrastoa jarraitu diot eta harritu egin nau zein gutxi aipatzen den (nik behintzat, egilearen aipamena izan ezik, ez dut besterik ezagutzen).

Bidea bere albokoaren antzekoa da eta 3 zati bereizgarritan banatuta dagoela esan daiteke. Lehena lehen hiru luzeek osatzen dute. Hirurak plaka etzanetatik doaz eta ez dute inolako zailtasun berezirik. Hori bai, oso ongi ekipatuak daude.

Bigarren zatia L4 luzeak osatzen du. Bere lehen zatia, plaka laranjaren oinarrira iritsi arte, ongi igotzen da. Euste lekuren bat edo besterekin arreta izan behar da, baina ongi ekipatua dago. Plaka laranjan asko estutu behar da. Nire soka-lagunak bistaz 6b-ko maila du eta ez zuen lortu librean ateratzea. Egia da jende gutxi pasa dela eta giltzarri diren euste leku ez daudela magnesioarekin markatuak. Sabaiaren hasieraraino, estutuz, A0 modura igo daiteke nahiko ongi. Sabaiaren irteeran azken aurreko asegurua gertu, baina aldi berean urruti geratzen da. Ez duzu A0 modura iristea  lortzen. Estribo bat behar da edo petzeleko evolv adjust eta panic luze bat (nik erabili nituenak). Aipamen originalean L4 luzeari V/A0 zailtasun maila ematen diote, baina gure iritziz librean 6b baino gehiago atera daiteke eta maila hori ez dutenentza, derrigorrez 5c/A1.

Hirugarren zatia azken bi luzeek osatzen dute. Gozatzeko luzeak dira. Arroka eta euste leku onak. Hobe horrela zapore onarekin amaitzen baituzu bidea sabaian ongi izerditu ondoren. “Suspiros almendrados” bidearekin komuna den azken luzearen azken zatia benetan oso polita. Harria itsatsitako harkoskor txikiz osatuta dago (txitxirioen modukoak). Oso bitxia da. Gailurrera iristea ere oso ederra da. Bat batean, gure aurrean, Els Estrets guztia zabaltzen da.

Bilgune guztiak toki erosotan ipiniak daude eta 2 parabolt eta 2 eraztunez osatuta daude. Horietako batzuetan hirugarren parabolt bat dago errefortzu modura. Jaisteko bidetik edo “Jo aqui no hi torno” bidetik rapelatu behar da.

Erraz identifikatuko dugu bidea R0 bilguneko paraboltaren alboan gezi hori bat margotuta dagoelako eta lehen txaparen alboan bidearen izena. Hau ere pintura horiz margotuta. Ezkerreko bideak txapa grisak ditu eta gureak zilar kolorekoak.

Tokia zoragarria eta oso lasaia.

 

OHARRA! Araututako eskalada. Uztailak 31tik abenduak 15era soilik eskala daiteke. Arau errespetatu.

 

Iristeko: Ikus hurrengo sarrera (Els Ports).

 

Hurbiltzeko: Ikus hurrengo sarrera.

 

L1 (55 m, 6 aseguru, 3b). Plaka etzana. Bigarren aseguruaren parean zertxobait tentetzen da, baina oso gutxi.

L2 (25 m, 7 aseguru, 3b). Plaka etzana.

L3 (30 m, 6 aseguru, 3b). Plaka etzana. Hobe da L2 eta L3 luzeak elkartzea.

L4 (30 m, 20 aseguru, >6b edo 5c/A1). Bilgunetik ezker aldera irten zeharkaldi gorakorra eginez. Diedro handiaren ezkerrean geratzen den plakatik igo. Diedroa gainditu (A0 modura egiteko aukera dago; aseguruak gertu) eta goiko plakara igo (eskuinera). Erraza den plaka labur bat igo eta plaka laranjaren azpian jarriko gara. Sabaiaren hasieraraino igo (A0 modura egin daiteke). Sabaia gainditu (A1)

L5 (25 m, 7 aseguru, 5b edo 4c/A0). Bilgunetik irten eta berehala sabeltxo bat. Bilgunetik lehen asegurua txapa daiteke eta ezkerrera zertxobait desplazatuz bigarrena. Estutu beharreko pasagunea, baina ongi egiten da lehen bi aseguruak jarri baldin baditugu. Hala ere, nahi bada, A0 modura egiteko aukera dago. Kanalaren eskuinera pasatzen da eta euste leku asko aurkezten dituen arroka trinko batetik igotzen da. Azken 8-10 metroak oso etzanak dira (harri solteak). R5 bilgunea erlaitz handian dago, gailurreko hormaren oinarrian.

 

L6 (25 m, 10 aseguru, 5b).  Harri potoloz osatutako plaka hasieran, zertxobait etzana. Sabeltxo batera iritsiko gara. Bertan dago luzeko pasagune finena. Ondoren zati erraz batek euste leku onak agertzen dituen plaka batera eramaten gaitu. Goian eskuinera pasa behar da. Azken metroak eskuin aldera egiten den zeharkaldi gorakorra da. Zeharkaldian txitxirioen tamaina duten harkoskorrez osatutako plaka zeharkatzen da. Mikro euste lekuak eutsiz eskalatu behar da. Zaila baino eskalada teknikoa da, oinak ongi jarri behar den horietakoa (eta beraietan fidatu, noski).

 




Jaitsiera: Bidetik edo bere albokoa den “Jo aqui no hi torno” bidetik rapelatuz.

 

Materiala: 20 zinta + bilgunerako materiala. Mailaz justu bagabiltza estribo bat sabaia gainditzeko.

Arroka: Kareharria (konglomeratua).

Orientazioa: Hego ekialdea. Eguzkia goiz goizetik.

Horario: 3h

Nork irekia eta ekipatua: Marisa Huguet eta Ismael Monsonís 2015.

 

Cambiar idioma (Castellano)

 

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario